2014(e)ko maiatzaren 1(a), osteguna

Amaren agindua


Gogoaren baitan



Neu naiz bai, berbetan datorkizuna, Neu, gure berri ematen! Neuri dagokidala, berarengandik hartu dut mandatua. Ahotik darizkidan arren amarenak ditun hitzak, Jainkosaren jarioa dakart, ahal dudana hastapenetik kontatzeko.

Azken 8.048 belaunalditan, garenik ez sinistera gonbidatu dute gizateria, ez garenik ordea ez dira sekula esatera ausartu, are gehiago, behar gaituztenean uxatu, uxatzen eta uxatuko gaituzte.

Erabiltzen gaituzte bai; baten bat bistatik kentzeko, komeni dena sineskor zein fidagaitzen buruan sartzeko, edo agian zerbait saltzeko. Joan garela diote, galdu ginela. Laino argitsu batek uxatu gintuela, San Juan gauean jaiotako zekor parea uztartu eta urrezko hagindun intilarekin erreka haritu zuten. Arma fabrikekin batera desagertu ginela diote, errogatibak eta abar, erasoa erasoaren gainean. Nola ez desagertu? Ostendu, leku ilun eta sarrienean, baina ez gara sekula joan, gorde bai abagune hobe baten zain.

Nola heldu gara hona?

Lehenengotan iluna zen, dena bere baitan bildua, estu eta tinko. Baina kalipua hain zen neurriz gaineko gotorra, zeren ez zen bere kautan kabitzen, orduan, bide beltzari, biltzeari alegia utzi eta norabidea aldatu zuen, zabaltzeari ekin zion. Hain bortizki ordea, kemenak kontrol gabetu eta eztanda erraldoia eragin zuen. Hala hasi genuen bidaia. Harik eta izar bati lotuak gelditu ginen arte, amaierarik izango duen edo ez, ez dakigun gurpil gupida gabean biraka.

Bat-patean, jaurtitako indarrak eragindako abiadari esker urtu ginen, halaxe lotu gintzaizkion Ekiaren orbitari. Asko kosta zitzaigun zirimola hartatik ateratzea, pazientzia kontua alegia. Epeltzen joan ginen ordea Eguzkiaren betzuloan kateatu gintuenez geroztik. Gure bidaiak aurrera darraien arren, lasaiago gabiltza, sistemak garamatza eta geure baitako lanetan ari gara ordutik. Sortzen, sendotzen, baldintzak egokitzen, izan gaitezen.

Gogoaren baitakoak gara eta asko falta da oraindik izakiren baten buruan lehen gogoeta ager dadin, beraz, ez naiz, ez gara oraindik, baina izana eraikitzen ari da, izendatzen gaituztenean ordea, izango gara. Galderak, zalantzak, beldurrak bata bestearen atzetik sortu eta amilduko dira, orduantxe iza, giza bilakatzean agertuko gara giza seme alaben kontsolagarri.

Bidea ordea luzeegia, lehen-aroan oraindik isurkariak, gasak eta harriak zurrunbiloan dira, bero gehiegi neure gusturako. Hotzak datoz gero, hobeto, baina ez ginen izoztuta akabatzeko jaio. Uretan bai uretan sor daiteke izakia, eta uretan ez dena omen da lehorrean. Lehorreratzen de lehen izakiarekin hasiko dut kontakizunen segida.